2007/02/27

Meiosia ulertzeko beste bideo interesgarria

Hementxe duzue meiosia ulertzeko beste bideo interesgarri bat.
Honetan birkonbinazio genikoa nola gertatzen den azaltzen da. Horrela ulertu dezakegu
anai-arreben herentziaren aniztasuna.

2007/02/05

Mendelen legeak



G. J. Mendel (1822-1884), monje agustindar austriarra, herentziari buruzko ikerketa sistematiko eta sakona egiten lehena izan zen.
Herentzia-faktore terminoa deskribatu zuen, nahiz egun gene hitzak (karaktere baten informazioa) hura ordezkatu duen.
Bere lanen emaitzak ondorengo hiru lege hauetan laburbiltzen dira:

1. Lehen legea: bi arraza pururen arteko gurutzaketak ondorengo hibrido uniformeak sortzen ditu, bai genotipoei dagokienez, bai eta fenotipoei dagokienez ere.
2. Bigarren legea: lehenengo belaunaldian sortutako hibridoak gurutzatzean, kontrako karaktereak bereizi egiten dira, eta ondorengoek fenotipo ezberdinak izaten dituzte.
3. Hirugarren legea: karaktere ez antagonikoak bakoitza bere aldetik heredatzen dira, eta ondorengoei zoriz konbinatuta transmititzen zaizkie.

2007/02/02

NOBEL SARIA



Roger D. Kornberg estatubatuarrak jaso zuen 2006. urtean nobel saria.
Hain zuzen ere, DNAren informaziotik abiatuta RNA mezularia sortzen duen proteina ikertzeagatik. Zelula sinpleetan ikertuta zegoen proteina hori, prokariotoetan alegia, eta, Kornbergek eukariotoetan ikertu zuen.
Kornberg familian Nobel saria ez da kontu berria, Rogeren aitak Fisiologiako edo Medikuntzako Nobel saria irabazi baitzuen 1959an.

Bizidun sinpleenetan, bakterioetan adibidez, DNA aske dago zelularen barruan. Baina bizidun konplexuetan DNA giltzapetuta dago nukleo izeneko kapsulatxo batean. Eta ez da handik irteten. Beraz, zelulak informazioaren kopia bat egiten du nukleoaren barruan, eta kopia hori irteten da zelularen zitoplasmara behar den guztia egiteko. Zelularen barruan liburutegi espezializatu bat izatea bezalakoa da; liburuak ezin dira atera, baina bai liburutegian bertan egindako fotokopiak.
Roger Kornbergek ikertu du zelula horietan —eukariotoetan— nola egiten den DNAren ‘fotokopia’. Kopiatzailea proteina bat da: RNA polimerasa. DNA irakurri eta informazio hori duen antzeko molekula bat sortzen du, RNA. Horixe da nukleotik irtengo den kopia, eta horregatik deritzo RNA mezularia (RNAm).